Basabe-Orexaran bailarako paisaiaren interpretazio geologikoa

Urkitako mendi tontorretik Araxes arroko paisaia panoramikoa
Egilea: Andoni Mateos Cabero

Paisaiak baliabide baliotsuak dira, eta ohartu beharko ginateke gaur egun babes, kudeaketa eta antolamendu planak eta ekintzak beharrezkoak direla.
Gizakiak duela milaka urte okupatu zuen bizi garen lurraldea, eta, gainera, gizarte talde desberdinek lurralde horretako leku estrategiko batzuetan esku hartu zuten; ondorioz, haien eraginen inguruko aztarnak sakonagoak izan ziren. Leku horiek hautatzea, besteak beste, lurraldean bertan oinarritutako ezaugarrien mende zegoen, hau da, tokiko geologiaren mende, besteak beste. Gaur arte ere horrela izan da. Beraz, argi dago gure inguruko paisaiak aspalditik interpretatu, aztertu eta eraldatu direla. Horregatik, horren interpretazio egokia egiteak erronka interesgarri bat planteatzen du, gerora hura ulertu, zabaldu eta gozatzeko.

Gauzak horrela, 2000. urtean, Florentziako hirian, Europako Kontseiluak eskatuta, Paisaiaren Europako Hitzarmena (PEH) onartzea, giltzarri garrantzitsua izan zen, gai honi babesa eman eta begirune handiagoa jartzeko. Mugarri garrantzitsua izan zen arlo horretan.
Gainera, Eusko Jaurlaritzak 2009. urtean, Europar hitzarmenarekin bat egitea erabaki zuen. Bost urte beranduago, Eusko Jaurlaritzak, ekainaren 3ko 90/2014 Dekretua plazaratu zuen, non, EAE-ko Lurralde-Antolamenduan Paisaia Babestu, Kudeatu eta Antolatzeko lerroak definitu zituen. Dekretu berri honen barruan sartu zituzten, besteak beste, Paisaiaren Ekintza Planak eta/edo Paisaia Katalogoak.

Horregatik, artikulu txiki honetan paisaia-azterlan baten atal garrantzitsuenetako bat jorratu nahi da: lurraldearen alderdi geologikoa. Izan ere, garrantzi handiko elementuetako bat da lurralde bateko paisaia konfiguratzeko eta baldintzatzeko orduan. Bizi garen lekuaren oinarrizko oinarria da eta, beraz, arretaz aztertu behar da paisaiaren interpretazioan. Paisaiaren interpretazioa lantzeak ikuspuntu ugari hartzen ditu, eta erronketako bat izango da hemen aztertuko diren alderdi geologikoak, esan bezala, lurralde hori osatzen duen paisaiaren testuinguru zabalenean kokatzea.

Kokapen geografikoa

Erabilitako eremu geografikoa Gipuzkoa eta Nafarroa arteko lurretan dago. Alde batetik, Basabeko haranaren ikus-arroa eta, bestetik, Araxeskoa. Biak Oria ibaiaren arro hidrografikoaren barruan daude, zehazki Gipuzkoako hego-ekialdean.

Araxes ibaiaren ikus-arroaren kasuan, izen bera duen ibaiak forma eman dio milaka urtetan zehar. Ibai-sistema hau Oria ibaiaren arroko ibaiadar garrantzitsuenetako baten artean dago. Gainera, Natura 2000 sareko Kontserbazio Bereziko Eremuaren barruan dago. Basabeko ikus-arroari dagokionez, Araxesko arroaren barne dagoen erreka bat da, baina, ibaiak duen adar nagusiena. Biek, Lizartzako udalerrian bat egiten dute.
Gauzak horrela, bi haran hauen barruan kokatzen diren udalerriak hurrengoak dira. Batetik, Lizartzako udalerria, biztanleria dentsitate gehien bereganatzen duena. Bestetik, Orexako udalerria. Eta azkenik, Gaztelukoa, hiruetatik hedadura txikiena okupatzen duena. Udalerri guzti hauek, Tolosaldeako eskualdean kokatuak daude, Tolosako udalerritik 6 – 8 kilometrora.

1. mapa: Araxes eta Basabe-Orexaran ikus-arroen kokapen geografikoa. Egilea: norbera. Euskarria: IDE GeoEuskadi eta QGIS

Eremuaren ezaugarri azpimarragarriak

Aurretik aipatu den modura, bi ikus-arroen zatirik handiena Gipuzkoako lurralde historikoan egon arren, haranen jarraitasun naturalak eta, hortaz, paisajistikoak, Nafarroako Foru Erkidegoaren zehar ere egiten du. Hona hemen lehenengo gatazka, izan ere, bi erkidegoen arteko muga administratiboez hitz egiterakoan, Paisaiaren gaineko planek eta estrategiek oztopoekin aurkitzen dira. Hortaz, paisaiak eta naturak mugez ulertzen ez dutela jakinik, lantxo honetan, ikusezinak diren muga horiek igaroko dira, etorkizunerako erronka interesgarri bat mahaigaineratuz: bi komunitateen arteko paisaia-integrazioa.

Bi haranek nortasun eta balio kultural eta naturalaren parte direla ohartzea ezinbestekoa da. Esparru honek, Tolosaldeako eskualdeari balio handiko paisaia naturala eta dinamikoa bermatzen dio. Azken urteetan ahaztua izan den arren, bere antropizazio-maila urriak, esparru nahiko naturala den eremu bat erakusten digu gaur egun. Hortaz, bi haranetan topatu ditzakegun interes ekologiko handiko habitatak (fauna eta flora), landa-eremuko ohiko paisaiak, ezaugarri geologiko berezietako elementuak eta ondare eta kulturaren ikuspegitik balio handiko elementuak, hala nola, aztarnategi arkeologikoak, paisaia intereseko eremu baten aurrean gaudela erakusten du. Gainera, Aralarko Natur Parkearekin lotzeko korridore ekologikoa ezinhobea da, baita, Leitzarango biotopoarekin ere. Era berean, esparru honetan konzentratzen diren herriguneak oso txikiak eta sakabanatuak dira, horrek, lurralde- eta paisaia-tentsioak ezabatzen ditu. Garrantzia berreste aldera, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, esparru honek, “Araxes, Jazkugañe eta Basabe haranak izenburupean, izandapen hauek ditu: Natura Ikuspuntutik Interesa duten Paisaiak”; Paisaia Berezi eta Arpartekoen Katalogoa; eta, LAG-etako “Natura Intereseko Eremua. Era berean, aurrerago aipatu den bezala, Europar Batasunetik, Natura 2000 sarearen barruan, Kontserbazio Bereziko Eremua da Araxeseko ibaia.

Baina ez gara bakarrik kanpoaldean ikusten den horrekin geldituko, izan ere, lur-azpian garatzen diren elementuak eta prozesuak, kanpoko egituraren baldintzatzaileak direnak eta, alderantziz, berebiziko garrantzia dute lurralde bateko paisaia ezaugarritzeko orduan. Gauza guzti horien artean, lurpean garatzen den eta Interes hidrogeologikoa duten elementuak sartzen dira, hala nola: akuifero eta iturburuen ur mineral naturalak (Insalus, Atxulegi, …), lur-azpiko sistema karstikoen egitura konplexuak (kobazuloak, simak, …) eta barruan bizi den fauna bitxia, besteak beste.

1. Irudia: Narbaitzuko menditik, Basabe-Orexaran haranaren ikuspegia. Egilea: norbera

2. Irudia: Axurdarioko mendi tontorretik, Araxes haraneko ikuspegia, non, kareharrizko lurzoru biluzia, artadi kantauriarra, Aralarko Malloak eta Otsabio mendiko basoa ikusten den

Proposatutako ibilbide geologiko-paisajistikoa

Hona hemen lan honetarako proposatzen den ibilbidea, non, geologiarekin, ondarearekin, kulturarekin eta historiarekin lotutako hainbat puntu markatuko dira, eta horietako bakoitzean informazio osagarria erakutsiko da, betiere elementu bakoitzaren zati geologikoa oinarritzat hartuta. Hala, ibilbide honen helburuetako bat da tokiko paisaiarekin zerikusia duten elementu guztien azalpen orokorra ematea, elementu horiek zabaltzeko eta interes komunitarioa sortzeko. Jakina, ibilbide informatiboa izateaz gain, oso baliagarria izan daiteke aisiarako, hezkuntzarako eta turismorako, betiere kudeaketa eta erabilera egokiak badira.

2. Mapa: Araxes eta Basabe haranetako paisaia-intereseko eremuetako ibilbidea. Egilea: norbera

Jarraian, ibilbidearen profila:

Ibilbidea pausoz-pauso

Ibilbidea zein izango den ezagutu ondoren (2. mapan ikus daitekeen bezala), 16 kilometro horietan zehar jarritako interesguneak azalduko dira. Horren aurretik, bi haranek duten paisaia eta geologia testuinguru azalduko da. Horrela, eta modu orokorrean, bailara horietan aurki dezakegun eraketa geologikoa ulertu ahal izango da. Ondoren, unitate bakoitzeko, ibilbidea bi adin geologiko desberdinetan banatuko da. Horri esker, bi ikus-eremuen osaera geologikoa ezagutu ahal izango da, eta, are gehiago, paisaiaren zatirik fisikoena eta euskarri nagusia ulertu ahal izango da.

Testuinguru geologiko orokorra:

Araxes eta Basabe haranetako eremua, Eusko Kantabriarraren Euskal Arkuko eremu Mesozoikoaren parte da. Bertan, gaur egun ikus ditzakegun erliebe eta formak, Mesozoikoaren garai urrunetan hasten den eraldaketa geologiko luze eta konplexu baten emaitza dira. Batez ere, itsaso zabal baten azpian metatutako material sedimentarioak, ondoren orogenia alpetarraren fase desberdinekin (duela 65 milioi urte inguru “Aro Tertziarioan”), lurrazala tolestu eta, erliebea altxarazi zuen antiklinalez eta sinklinalez osatutako paisaia berri bat sortuz, eta kasu honetan kareharri desberdinak nagusituz.
Baina, esparru honetan ikusi daitezkeen geologiaren formak, egiturak eta prozesuak aztertzeko eta, horrela, paisaia bere osotasunean ulertzeko, osagai geomorfologikoek paisaiaren dibertsitate kromatikoa eta haren egiturak zehazten dituzte. Litologiak eta geologiak, aldiz, paisaiaren formak, koloreak eta ehundurak osatuz, erantzun ezberdinak osatzen dituzte egitura erliebe eta paisaia bereziak sortuz.

Gauzak horrela, tokian tokiko paisaiak, non anarkikoki mota guztietako tolesdurak, materialak eta failak bizi diren, erliebe konplexuak eratu ditu. Azken batean, bilakaera geologikoa aztertuta, egungo paisaiaren kausak ulertu ahal izango ditugu.

Ibilbidearen 3 faseak eta interes bereziko geralekuak:

1. Fasea
Basabe haraneko bordak

I. Basabeko bordak: Eraikin-elementu esanguratsuak dira hauek, haran osoan zehar errepikatzen den arkitektura bat da, zeinetan eraikina osatzeko, inguruko arrokak eta zurak, besteak beste, erabili zituzten. Horietako batzuk, gaur egun, utzita eta eroitzear daudea. Hala ere, badira berritu eta erabiltzen direnak.

II. Atxikiko iturburua: kareharrizko toba kareharri oso porotsua da, lohi barietate bat, giro-tenperaturan dauden ur gezako gorputzetatik sortutako karbonatoen prezipitazioak osatua. Ur honen jatorria, goian dituen arrezife-kareharrietan garatutako Atxikiko Kobazulo sistemetan izan dezake. Tratatu gabeko ur edangarri naturala da hau, bertako ibiltarientzako oso erabilgarria. Era berean, iturburu honen parean ikusi daitekeen Basabeko errekaren irudiak dira.

III. Atxiki harkaitzaren kolubioi metakina eta kobazuloa: kasu honetan, arrezife-kareharri masiboei eta urak honekiko eragiten duen disoluzioari esker, eremu zehatz honetan paisajistikoki oso erakargarriak diren egiturak kontserbatzen ditu. Batetik, kolubioia dugu, zeina, mendi-mazelen oinarrian higakinak edo arroka-metaketak metatzean datza. Arrokaren meteorizazio– edo zatikatze-prozesuetan sortzen dira, arrazoi mekanikoengatik, normalean, isurialdeetako erlaitzek jasaten duten gelifrakzioa. Bestetik, harkaitz karstiko puruenetan garatzen diren barrunbeen simak edo koba-sarrerak ikusi ditzakegu. Horietako bat, Atxikikoak. Hauetako adibideak, aurreragoko geldialdietan ere errepikatuko dira.

IV. Basabe errekaren uholde-lautadak: Kuaternario-aldian batez ere, inguruko erliebe guztia baldintzatu eta eratu duena, ura izan da. Ibaiaren ertzetan garraiatu eta metatutako materialak terraza eta alubioi-lautada txikiak osatu dituzte, eta bi haranetan dauden larre eta labore urrien euskarri dira. Ez dira asko eremu honetan topatu ahal direnak, baina badira batzuk ongi bereizten direnak.

2. Fasea

V. Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugarria: bi mugarri ikusi daitezke toki honetan, eta biek nolabaiteko markak dituzte eginda. Erabilitako materiala, bertako dagoen lehengaia izan zen, hau da, kretazeo garaiko kareharri gogorra.

VI. Biuretako aterpea edo harpea: uraren eta haizearen higadura indarren ondorioz, aurrean dugun arroka-azaleratze karstiko honi pixkana pixkanaka materiala higatu dio. Orain dela denbora luze bat, harpe honek dimentsio handiagoak izango zituen, baina, grabitatearen ondorioz, apurtzen eta harri zatiak erortzen joan dira. Gaur egun gelditzen dena, aterpearen zati txiki bat besterik ez da.

VII. Biuretako ur-jauzia: Urkita eta Pagota mendialdetik bizi-bizi jausten den ur korronte bat da hau, zeina Basabeko errekarekin bat egiten duen. Batez ere, garai euritsuenetan darama ur kantitate gehien, akuiferoen karga garaian hain zuzen.

VIII. Basabeko erreka: balio handiko erreka bat da hau. Ekosistema aberats batek osatzen du bere ingurune guztia non, baso-masa atlantiar ozeaniko hezea nagusitzen den eta, ia antropizaziorik gabekoa. Galzorian dauden animalia espezie babestuen lekua da hau, hala nola, Pirinioetako Desmana (Gamelys pirenaicus), Igaraba (Lutra lutra), edota Bisoi Europarra (Mustela lutreola).
Hemen topatu dezakegun bizi-aberastasun handia, bertako formazio geomorfologiko anitzen ondorio dela esan daiteke.

IX. Atxulegiko iturburua: Basabe errekarekiko elkargunetik metro gutxira, Atxulegi 1 iturburua dago. Puntu horretatik aurrera, Meru haranaren goiko ibilgua lehor geratzen da, Meru 2 sima-hustubidearen ahora iritsi arte. Simak ibaiaren goiko zatiko urak geldiarazten ditu, lur iragazgaitzetan garatuta. Kareharri jurasikoetara iritsi ondoren, beherago agertzen dira Atxulegi 1 iturburuan (Galan et al., 2012).

X. Meruko kolubioi metakinak: Ulizar mendiaren magaleko maldetan sedimentatutako metakinak dira hauek. Sedimentu hauek jasandako garraioa oso laburra izan da, eta horregatik, tamaina handiko harriak dira hauek. Inguru arriskutsuak izan ohi dira, batez ere bertatik igaro nahi bada. Kasu honetan, desnibel handia egiten dute eta oso ikusgarriak dira.

XI. Meruko harana: erliebe malkartsua da, eta kareharrizko lodiera handiekin eta, formazio karstiko desberdinekin. Adibidez, barrunbeak. Horietako batzuk, jarduera hidrikorik gabeko kobazulo fosilak dira. Besteak aldiz, aktibo jarraitzen dute. Kobazulo hauetako batzuetan, interes handiko lurpeko fauna dago.
Haranaren hondo lehorrak, erliebe mailakatua du. Bertan, marmiten moduko higadura mailakatua tartekatzen da, blokez eta uharriz beteta, bai eta zehar-metakinez estalitako eremuak ere, non aldi baterako zirkulazio hidrikoa baitago prezipitazio handien azalean (Galán et al., 2012).

XII. Pagadi-basoa: hosto erorkorreko baso naturala da hau (Fagus sylvatica). Euskal Herriko hainbat txokotan oraindik mantentzen dena eta normalean, lurraldeko eremu altuenetan eta ospelenetan hazten dira, izan ere, espezie honek, ingurune hezea eta lurzoru azidoa edo basikoa behar du hazteko. Kasu honetan, azidofiloa da.

3. Fasea:

XIII. Meruko lepoa: Meruko lepotik, batetik, Basabeko harana eta urrutian, Otsabio eta Hernio mendiak begiztatu daitezke. Lepo honetatik gainera, Ulizar mendietara zihoan antzinako ganadu bidea igarotzen zen, baita “Gaizkileen Bidea” deritzonak ere, azken hau, Basabeko haranetik luzatzen zen.

XIV. Urdanzarrateko begiratokia: aurrez-aurre Aralarko Malloen ikuspegi esanguratsua, tolesdura prozesu konplexuaren adibide ederra da hau, balio geologiko eta geomorfologiko handikoa. Honen oinean, Araitzeko bailara, herri txiki eta nekazal lurrez tartekatua, baita ospe handiko Beteluko Ur Mineralen enpresaren kokalekua ere.

XV. Pagota eta Urkitako tontorrak: batetik, Urdangarateko lepotik, ezker eskuin, Pagota eta Urkita mendiak ikusiko dira. Bestetik, Urkitatik Meruko haraneko kantxal egiturak ikusgai izango ditugu. Hirugarrenik, Urkitako tontorretik ere, Otsabioko mendi zerra eta Araxesko V formako harana ederki ikusi daitezke.

XVI. Narbaitzuko gaina: bi haranak erdibitzen dituen mendizerra txiki honek, abeltzantzara bideratutako larreak mantentzen ditu gaur egun ere. Orokorrean, kareharri tupatsuez osatutako mendia da eta, hortaz, morfologia leunagoa du, horregatik erabili izan da goi-larre modura historian zehar. Hemendik, bi haranen ikuspegi zabala begiztatu daiteke.

XVII. Axurdarioko trikuharria: Pagota-Urkita menditik hasi eta Narbaitzutik pasatzen den mendizerra honek, Axurdarioko puntan du amaiera. Amaiera honetan, bat batean material aldaketa bat ikusi daiteke, izan ere, Leitzako failaren ebakiduraren gainetik argi eta garbi igarotzeko aukera dago, non, arrezife-kareharrietara igaroko garen. Material hauek, lapiaz biluziaren egituran azaleratzen dira, eta aldi berean, bertako material berdinez osatutako Neolito-Kalkolitiko garaiko (K.a. 3000-1200 urte) trikuharri eder bat altxatzen da. Hemendik, artadi kantauriarrez inguratuta, Oria eta Araxes arroen paisaia ederra ikusi dezakegu.

XVIII. Basabeko zentrala: Basabe zentrala 1930. urte inguruan izan zen eraikia. Goiko pisuan langilearen bizitokia dago, eta beheko plantan berriz, laneko espazioa: Elektra, errota, zerra eta beste hainbat lan-tresna daude bertan. Makineria guztia jatorrizkoa denez (Zabaleta, 2015)

Ondorioak

Amaitze aldera, oro har, lurralde honetan aurki dezakegun balio natural eta kulturala nahiko handia da, eta, beraz, paisaiari dagokionez, garrantzi berezia duen lurraldea dela esan daiteke, eta nolabaiteko potentzialtasuna duela hura egoki kudeatzeko, babesteko, zabaltzeko eta etorkizuneko ikerketak egiteko.
Lehenik eta behin, bi bailaretan aurki ditzakegun elementu naturalak (basoak, harkaitzak, barrunbeak, ibaiak…) nahiko ongi kontserbatuta daude. Aldi berean, oso gutxi antropizatutako eremu baten aurrean gaude, non oraindik antzinako elementu batzuk (eraikuntzak, monumentuak, aztarna arkeologikoak…) mantentzen diren.
Hala, bi haranek azken hamarkadetan izan duen bilakaera, batez ere, eremu estrategiko jakin batzuetan, basogintzan eta abeltzaintzan oinarritu izan da. Hala ere, bi jarduerek ez dute eragin oso negatiborik utzi lurraldean, baina bai, nortasun handiko paisaia bereizgarria, altuerako larreena bezalakoa. Basogintzari dagokionez, gaur egun nahiko erabilera ona du. Ez dira ikusten eremu degradatu asko, eta garai batean landatu ziren eta ustiatu ez ziren basoak, gaur egun ia guztiz naturalizatuak daude. Baina ezin ditugu ahaztu giza presioa jasan ez duten baso-masa naturalak, Kantauriko artadiak, hain zuzen. Gutxi daude Gipuzkoa barnealdean, eta horietako bat hemen kontserbatzen da. Izan ere, irauteko arrazoi nagusia geologiaren ezaugarriagatik izan da, eremu karstiko biluzi oso malkartsuan baitaude, kareharriz osatutako egitura ikusgarriekin (ikus 38., 39. eta 40. irudiak). Beraz, hori kontuan hartu eta zaindu beharreko elementua litzateke.

Paisaiaren beste elementu garrantzitsu bat, besteak beste, ibaiertzeko basoa eta ur-ibilguak berak dira. Balio ekologiko, paisajistiko eta kultural handikoa, hauek ere zaindu eta babestu beharrekoak. Horrela, babestu eta lehengoratzeko irizpideak kontuan hartuta, bi haranen garapen ekologiko eta paisajistiko egokia ahalbidetuko litzateke, paisaiaren heterogeneotasuna eta edertasuna indartuz. Eremu isolatu eta mugatu bat izateak ez du oztopo izan behar horretarako, esparruak onarpen sozial handia baitu. Paisaia natural eta landatarraren estimazioa eta paisaia hori zaindu eta kontserbatzeko nahia nabaria da bertakoen artean.
Azterlan teknikoez gain, azpimarratu behar da foru edo toki administrazioen laguntza behar dela nekazaritza eta natur guneak egoki babestu, planifikatu eta kudeatzeko. Horretarako, zenbait suspertze-proiektu bultzatu behar dira, lehen sektorearen edo Basabe errekaren hazkunde ekologikoa eta Araxes ibaiarenarekin bat egitea bultzatuz. Eta paisaiaren aldagaia oinarrizko irizpideetako bat da.
Era berean, arroek beren paisaian kultura eta natura bereganatzeko gaitasuna dute, eta, horretarako, ingurumena errespetatzeko jarduerak sartzen dituzte, turismo, kirol eta dibulgazio arlokoak. Betiere paisaia-irizpideen printzipioak defendatuz. Izan ere, bi arroetako paisaia osatzen duten faktore guztiak errespetatzen direla zaindu behar da, eta elementu natural guztiak behar bezala zaintzen eta mantentzen direla zaindu.

Gauzak horrela, interesgarria ete beharrezkoa izango litzateke aurrerantzean, eremu honetaz gozatzeko eta ezagutarazteko hainbat ekimen sortzea. Izan ere, azpimarratutako balio horiek paisaiaren inguruko lurralde-antolamenduko lanetan abian jartzeko aukera ematen dute. Halaber, azpimarratu behar da bi arroek paisaian integratzeko beharra dutela, Gipuzkoako eta Nafarroako ikus-eremuak korridore ekologikoen bidez eta natura- edo kultura-izaerako espazio puntualen bidez bateratuz.

Erabilitako bibliografia

Galan, C., Rivas, JM. & Nieto, M. (2012). Nuevas cavidades en el vallde de Meru y Monte Urkita, con notas sobre geomorfologia del karst de Otsabio. Laboratorio de Bioespeleología. Sociedad de Ciencias Aranzadi, Donostia. Eskuragarri: http://www.aranzadi.eus/wp-content/files_mf/1347906626Meru.Urkita.Total.pdf


IGME. Instituto geológico y minero de España. Cartografía geocientífica. Eskurgarri: http://www.igme.es/actividadesIGME/lineas/cartoGeo.htm


IKT, & PAISAIA. (2005). Catálogo Abierto de Paisajes Singulares y Sobresalientes de la CAPV – Anteproyecto. Tomo II. Memoria de la confección del Catálogo. 2005 (Eusko Jaurlaritza/Gobierno Vasco. Departamento de Medio Ambiente y Ordenación del Territorio. Dirección de Biodiversidad y Participación Ambiental., Ed.). Eskuragarri: https://www.geo.euskadi.eus/contenidos/documentacion/paisaje/eu_catalogo/adjuntos/tomo_2.pdf


Imanol (2015, martxoak 05). Atxiki 1 Y 2. Hemen: Buscoaimanol.blogspot.com [web]. Eskuragarri: https://buscoaimanol.blogspot.com/2015/03/atxiki-1-y-2.html [2020.11.13].

Mateos, A. (2020). Araxes eta Basabe haranen paisaiaren analisia, diagnosia, balorazioa eta ekintza-planen proposamena. Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia saialeko, Gradu Amaierako Lana. UPV/EHU, Vitoria-Gasteiz. Eskuragarri: https://addi.ehu.es/handle/10810/48401. DOI: 10.13140/RG.2.2.28989.69609


Ormaetxea, O., & De Olazagoitia Blanco, A.S. (2014). Paisaia geomorfologiaren ikuspuntutik: Euskal Autonomi Erkidegoa aztertuz. (In) Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkaria, 2; 59. 495 – 496 or. Eskuragarri: https://www.researchgate.net/publication/284727418_Paisaia_geomorfologiaren_ikuspuntutik_Euskal_Autonomi_Erkidegoa_aztertuz


Zabaleta, G. (2015, ekainak 5). Orexako Basabe zentrala: nolakoa zen gure aitona-amonen energia berriztagarria? Hemen: Argia [web]. Eskuragarri: https://www.argia.eus/albistea/orexako-basabe-zentrala-nola-zen-gure-aiton-amonen-energia-berriztagarria [2020.11.17].

Andoni Mateos Cabero, 2021

Andoni

Andoni

Graduado en Geografía y Ordenación del Territorio (UPV/EHU). Estudiante del Máster: "Gestión del Paisaje. Patrimonio, Territorio y Ciudad" (UPV/EHU).

También te podría gustar...

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *