Felix Ruiz de Arkaute, kate egilea

Felix Ruiz de Arkaute
: Karrantza, 1958. Iturria: Felix Ruiz de Arkaute / Jacques Sautereau artxiboak.

Felix Ruiz de Arkaute van der Stucken (Anberes, Belgika, 1927 – Areta, Bearno, 1971) Ogibidez, Tolosako “La Esperanza” paper lantegiko gerentea izan zen; eta batzuek bere kobazaletasunaren berri bazuten ere, gutxik dakite Euskal Herriko espeleologia irauli zuela, eta bere heriotzatik ia 50 urte igaro direnean, nazioarteko espeleologoek oraindik miresmenez aipatzen dutela. Ikus dezagun zergatik

Tolosako belgiarra

Felis Ruiz De Arkaute 2
Felix 13 urterekin Villarsen (Suitza). Iturria: Pedro Ruiz de Arkaute artxiboa.

Ruiz de Arkaute familia Arabatik Gipuzkoara XIX. mende erdi aldean etorria zen, eta harrezkero beraien izena papergintzara lotua izan zen. Felixen aita, Vicente Ruiz de Arkaute Sorarrain, Tolosan jaio zen 1889an eta karrera militarra egin zuen: lehenik artillerian, eta 1913an Espainiako Aireko Armadaren fundatzaileetako bat izan zen. Biriketako arazo baten eraginez, baina, zerbitzua utzi behar izan zuen; eta gaixotasuna sendatzeko Suitzako mendietan egonaldiak egin zituen; han ezagutu zuen Senta van der Stucken belgiarra, bere emazte bihurtuko zena. 1923 inguruan Anberesera ezkondu ziren, eta Vicentek Van der Stucken familiaren irin fabrikaren ardura hartu zuen. Han jaio zitzaizkien seme biak: Miguel (1925) eta Felix (1927); Felixen ondorengoak kenduta, Ruiz de Arkaute van der Stucken gainontzeko sendia Belgikan geratuko zen.

Familia diruduna izaki, Felixek haurtzaro erosoa izan zuen; Villarsen (Suitza) etxea zuten, eta Alpeetan mendizaletu zen. Haur eta nerabe errebeldea izan zen, ekintzailea eta bere kasa ibiltzeko zalea: eskola askotatik bidali zuten, eta azkenean bere lekua Nid d’Aiglons ikastetxean aurkitu zuen. Heide-Kalmthout udalerriko eskola hau Frantziar Errepublikako baloreetan eta hizkuntzan oinarritzen zen, eta hango giro askeak eta jatorri sozial eta geografiko askotako ikaskideek bizitza osorako markatuko zuten. 14 urte zituela okupatu zuten naziek Belgika; eta orduko bizipenek ere bere izaera askea indartu zioten.

La Esperanzako jabeetako bat zenez, aitak Felix gaztearen etorkizuna familiako lantegiaren ardura eramatea zela erabaki zuen: eta Grenobleko papergintza eskola teknikora bidali zuen. Han, ordea, ez zuen hori bakarrik ikasi: Frantziako Alpeetan, Dent de Crolles mendiaren barruko haitzuloen esplorazioan bertatik bertara parte hartzeko aukera izan zuen, eta inork sekulan zapaldu gabeko eremuetan sartzearen lilurak betirako bereganatu zuen.

Bizileku berrian

Feliz Ruiz De Arkaute
Gesaltzako Lizunaren esplorazioa (Oñati), 1951. Ezkerretik eskuinera: zutik xx, xx, Pedro Rodríguez de Ondarra, Arkaute, Reyes Korkostegi; makurtuta Juan San Martin, Adolfo Leibar. Egilea: Jesus Elosegi Irazusta.

Arkautek Espainiara egindako lehen bidaia 1949an izan zen; baina orduan ez zen Tolosan gelditu, hori baino lehen beste tramite garrantzitsua bete behar baitzuen: soldadutza. Lizarran egin zuen, 1951-1953 urteen artean, baldintza nahikoa onetan: herriko ostatu batean, eta Nafarroara eta Gipuzkoara mugitzeko askatasunarekin. Hego Euskal Herrian gizartea gerraoste latzetik irten berria zen: jende behartsua, askotan pisuetan dozenaka lagun apopilo bizitzen… Arkaute estralurtar bat bezala ailegatu zen gizarte horretara: kulturaduna, diziplinatua, diruduna, kirolzalea, isila… eta bertako hizkuntzak jakin gabe.

Halere, ez zuen denborarik galdu: 50-51 neguan Aranzadi Zientzia Elkartearen izena eman zuen. Une horretan espeleologia saila bizi-bizi zebilen Gesaltzako Lizunaren (Oñati) esplorazioan; Jesus Elosegiren koordinaziopean, Arkautek Jaturabe eta Arrikrutz kobazuloen miaketa eta topografia lanetan parte hartu zuen. Gainera Gipuzkoako Katalogo Espeleologikoa osatzeko datu bilketan aritu zen, eta horrek probintziako beste zonalde batzuk ezagutzeko aukera eman zion. Nafarroan, berriz, Vianako Printzea Elkarteko (VPE) espeleologia sailarekin harremanetan sartu zen. Are, soldadutzako lagunei ere bere grina transmititu zien, Lizarrako Espeleologia Taldearen ernamuina ereiniz. Eta Grenobleko lagunekin ere ez zuen harremana eten: 1953an, “La Riviére sans Étoiles” filmaren errodajean parte hartu zuen, eta Vercors mendi multzoan prospekzioan izan zen; Gouffre Berger famatua aurkitu zuten egunean, hain zuzen ere. Arkautek Euskal Herriko zazpi probintzietan izandako lurpeko esplorazio garrantzitsu guztietan parte hartuko zuen, eta bere bizialdian espeleologia taldeen arteko elkarlana sustatzeko erraztasun hori mantenduko zuen.

Bistan denez, kanpoan ere bizitzak jarraitzen zuen; eta, emozioz betetako esplorazio hauen artean, Felixek kanpoko lana fin-fin eramaten zuen. Lurrazalean ere, inoiz esplorazio espeleologikoaren teknika baliagarria suertatu zitzaion. Adibidez Tolosaldean 1953ko urrian izandako uholde handietan: ontzi neumatikoa atera eta, urez estalitako kaleetan, farolaz farola rappel eginez lantegira ailegatzea lortu zuenean.

Elkarlana ehuntzen

Felix Ruiz De Arcaute
Torca del Carlistaren esplorazioa, 1958. Ezkerretik eskuinera: José Luis Txintxurreta, Jon Arana, José Luis Puente, Arkaute. Iturria: Felix Ruiz de Arkaute / Sautereau artxiboak.

1954ean Derbi 250 motorra erosi zuen; harekin mugitzen zen leku batetik bestera. 50 hamarkadan, batez ere Hegoaldean aritu zen: kontuan har dezagun Francisco Francoren diktadurapean mugak gaur baino iragazgaitzagoak zirela. Arkautek paper garrantzitsua jokatu zuen hainbat espeleologia taldeen hornikuntzan: izan ere, bere lanak eta kontaktuek muga zeharkatzea ahalbidetzen zioten, eta Espainian lortu ezin ziren hainbat material eskuratzen zituen (aluminiozko zurubiak, nylonezko sokak…); gero gaü-langileen laguntzaz Hegoaldera bidaliz. Urte horietan ezin konta ahalako esplorazioetan parte hartu zuen. Nabarmenen artean aipa ditzakegu Etxaleku (Izaba, 1954-1955), Arlazeko Contiendako leize sakon eta arriskutsua, elurra zela eta; Aitzbeltz (Mendaro, 1955), non Aranzadiko kideek diseinatutako gindaxa berezi batekin Gipuzkoako sakontasun handiena erdietsi zen; Ormazarreta (Aralar, 1949-1955), esplorazio epiko eta luzea, neke eta zailtasun orografiko, meteorologiko eta tekniko handiak gainditzea eskatu zuena; Torca del Carlista (Karrantza, 1958), Bizkaiko putzurik sakonena eta munduko gelarik handienarekin; Mairuelegorreta (Zigoitia), XX. mende hasieratik eta gaur arte esploratzen ari den labirinto amaigabea… Euskal Herritik kanpo ere, orduko kanpaina garrantzitsu batzuetan izan zen Arkaute: adibidez Ojo Guareña (Burgoseko Merindadeak, artean Espainiako lurpeko sare handiena) edo Gouffre Berger bera. Izan ere, 1954 eta 1955 urtean, Grenobleko lagunek esplorazioan jarraitu zuten, -985 metrotako sakonera lortu arte, San Martin Harriko leizeari (Izaba) munduko errekorra kenduz. 1956rako kanpaina berezia muntatu zuten, “-1000 operazioa”, nazioarteko espeleologia taldeei dei eginez. Euskal Herritik Arkaute eta Isaac Santesteban (VPE-ko burua) joan ziren, Derbi motorrean Vercorseraino. Han lan gogorra egin zuten uztailean, leizea -900 sakoneraraino ekipatuz; abuztuan egingo zen puntako espedizioan (Arkautek ez zuen parte hartu, emaztea haurraren esperoan baotzegoen) -1122 sakonerara ailegatu ziren.

Espeleologiaren baitan lantzen diren arloak oso ugariak dira: ikerketa ezagunenez gain (geologia, biologia, arkeologia…) karstaren zientziek 30 diziplina inguru biltzen dituzte eta, bistan denez, inork ez ditu denak menperatzen; horregatik da ezinbestekoa talde lana. Arkauteri dagokionez, bere espezialitatea espeleologiaren arlo klasikoena izan zela esan daiteke: puntako esplorazioa. Alegia: atzetik etorriko ziren beste ikerlariei bide berriak irekitzea, horrek dakarren zailtasun tekniko eta fisikoak gaindituz. Argazkigintzan ere nabarmendu zen: 1956 urtean, Aranzadik I Euskal Espeleologia Jardunaldiak Arantzazun (Oñati) antolatu zituenean, Arkauteren hitzaldietako bat “Lurpeko argazkigintza teknika” izan zen. Jardunaldi hauek Arkauteren proposamenez antolatu ziren “elkarren arteko harremanak estutzeko, espeleologiaren prestijioa handitzeko, eta datuak eta esperientziak trukatzeko” eta ospetsuak dira Espainiako historiako lehen espeleologia kongresua izatearengatik. Garai horietan kluben arteko eztabaida handiak izan ziren: alde batetik espeleologia kirol bezala ulertzen zutenak zeuden (Espainiako ia guztiak) eta bestetik zientzia jarduna zela defendatzen zutenak (euskal talde gehienak, eta Burgoseko Edelweissek). Arkaute azken hauekin lerratu zen, sutsuki lerratu ere.

Oharkabean pasatzen ez zen gizona

Felix Ruiz de Arkaute
Larra, 60 hamarkada. Iturria: Sautereau artxiboa

Ezagutu zuten guztiak bat datoz Felix ezohikoa zela esatean. Pertsonalitate oso berezia eta zaila zuen: indartsua, ekintzailea, kritikoa, intolerantea, erraz haserretzekoa, batzuetan “jasanezina”; baina era berean adiskide ona, solidarioa, zintzoa, benetalaria, eskuzabala, argi hitz egitekoa. Kobazuloko lagunen arabera, Arkautek bere baitan “naturaren indarra” zuen, eta “estalaktita guztiak erorarazteko moduko ahotsa”; taldearen lider naturala zen. Izan ere, bere ekipoaz asko arduratzen zen: beti laguntzeko prest, askotan espedizioan azkena izango zen, besteen progresioa zaintzeko. Bere lagun askok haren esaera bat gogoratzen dute: “horizontalean demokrazia; baina bertikalean diktadura”. Alegia: galeria horizontaletan bakoitzak nahi duena egin dezakeela, baina putzu bertikaletan denei aginduko dien jefea behar dela.

Paper fabrikarekin inplikazio handia zuen: produkzio arloa administrazioa baino gehiago maite zuen, makina artean ibiltzea alegia. Bere lagunen esanetan, bere lider izaera lantegitik zetorkion: jende talde desberdinak eta baliabideak maneiatzera egina zen. Halere, frantses hark ez zuen oso ondo enkaxatzen Tolosako jende normalaren giroan: leize zuloetan ibiltzeaz gain, asko irakurtzen zuen: Carl Gustav Jung, Teilhard de Chardin, Arthur Koestler… bere autore gustukoenen artean zeuden, lehena batez ere.Musika ere maite zuen, eta egile guztien gainetik Johann Sebastian Bach. Ez zen mezetara joaten, salbu eta abestua zenean. Izan ere, katolikoa bazen, baina antiklerikal xamarra ere bai: ez zituen dogmak gustuko eta protestanteek defendatzen zuten Bibliaren interpretazio asketik hurbilago sentitzen zen. Barne bizitza handiko gizona zen Arkaute, beraz: eta bere herrikideak maite zituen arren, ez zuen bere lekua aurkitzen kuadrilla, txoko eta sagardo artean.

Larra

Felix Ruiz De Arkaute
San Marti Harriko Sisteman, 1960. Eskuinean Antoine Saunier, La Vernaren kokapena zehaztu zuen topografoa. Iturria: Sautereau artxiboa.

1960an, VPEk V Euskal Espeleologia Jardunaldiak antolatu zituen Larran. Karstaren ezaugarri bereziek muga politikorik errespetatzen ez dituzten bezala, “Espeleologiaren Himalaya” deitu izan zaion mendi multzo hau ikertzeko ere nazioarteko kolaborazioa ezinbestekoa zen, eta da. Electricité de France (EDF) eta Espainiako eta Frantziako Armadekin elkarlanean, espeleologoek espedizio handia muntatu zuten Ernaz mendateko San Marti Harri famatuaren inguruan (Erronkari, Basabürüa, Ansó eta Baretos eskualdeetako lurren artean); han izan ziren Aranzadiko kideak ere, Arkaute buru zela.
Urte horietan Aranzadiko espeleologia sailak gainbehera bat izan zuen: lana, ezkontzak edo bestelako arazoak zirela eta, 50eko hamarkadako kide gehienek kobak utziak zituzten. 60ko hamarkada hasieran, Arkaute bakarrik gelditu zen Gipuzkoan. Baina inguruko espeleologia taldeekin harremanetan jarraitu zuen, eta Larra urteroko hitzordu berezia bilakatu zen: udako oporretan, familia Donostian utzita, ia hile osoa Larrako bortuetan pasatzeko ohitura hartuko zuen, “mila izarretako hotelean”.
Modu naturalean, Arkaute mugaz bi aldeetako taldeen arteko zubigilea bihurtu zen. Beti euskaldun bezala aurkezten zen, eta Larran nazionalitateen gaindi kolaboratu behar zela defendatzen zuen; haren esanetan, “Espainia eta Frantzia hitzak San Marti Harriarentzat mortalak” baitziren. 1961ean, esplorazio saio gogoangarria eta jeniala burutu zuen Juan San Martin eta Anton Arratibel taldekideekin: La Verna gela erraldoiaren egitura hidrogeologikoa aztertuta, mendebaldeko horman 100 metrotako altueran galeria bat egon behar zela ondorioztatu zuten. Itsu-itsuan (orduko argiztapen sistemekin ezin baitzen ikusi gelaren goiko aldea) horma eskalatu zuten, eta esandako lekuan topatu zuten Aranzadi galeria. Bertatik sartuta bi galeria nagusi aurkitu ziren: bat Maria Dolores izendatu zuten (Felixen emaztearengatik); besteari Martine ipini zioten. Handik gutxira, bertatik eginiko esplorazioek munduko sakonera errekorra berreskuratuko zuten San Marti Harriarentzat.
Halere, lurpeko sare honen dimentsio handiak zenbait arazo ematen zituen: espeleologia talde asko zebiltzaten sektore desberdinak esploratzen, ez beti koordinazio onean, eta batzuetan elkarri konpetentzia eginez. Hori esplorazioen efizientziaren kalterako zela ulertuz, Arkaute lehiakideak hurbiltzen saiatu zen: bere gestioak ezinbestekoak izan ziren Corentin Queffelec-ek, Max Cosyns-ek eta VPE-k gidatutako taldeak koordinatzeko. Prozesu luzearen ostean, 1966an, denen artean Association pour la Recherche Spéléologique Internationale á la Pierre-Saint-Martin (ARSIP) sortu zuten. Elkarlanak emaitza bikaina eman zuen, eta urte berean Ahüñemendiko Arretan Basabürüko leizea aurkitu zuten, San Marti Harriko Sistemaren giltza nagusietako bat.

Dimentsio intelektuala

Felix Ruiz De Arkaute
Santa Grazi, 1966. Ezkerretik eskuinera: Max Cosyns, Arkaute, Jacques Sautereau, Corentin Queffelec, Noël Lichau, Charly Sterlingots. Iturria: Juan Mari Feliu artxiboa.

Larran ezagututako jendearen artean Arkautek lagun handiak egin zituen. Aurretik esan dugu, Gipuzkoan, nolabait lekuz kanpo zegoela: hemen berriz, bere kultura eta izaera bereko jendea aurkitu zuen. Honek ez du esan nahi haiekin denean bat egiten zuenik (kontrara: demaseko liskarrak eta eztabaidak izaten zituen filosofia, teologia, metafisika etabarren kontura, bereziki Corentin Queffelec lagun minarekin). Baina bere saltsan zegoen: polemika maite baitzuen. Bestalde, Francoren errejimenarekin oso kritikoa izanik ere, ez zuen onartzen atzerritarrek Espainiako politikari buruzko iritzia ematea; hori etxean konpontzeko arazoak zirela esaten zuen.
Izan ere, leize-ikerzaleen artean ideia oso desberdinetako jendea biltzen zen; baina tradizio espeleologikoari jarraiki, ez zen horri buruzko eztabaida seriorik sortzen: haitzuloak ziren haien interesa, eta biltzeko arrazoi nagusia. Halere, Arkautek ildo ideologiko argia zuenez (eskuinekoa, antifaszista eta antikomunista) pentsa daiteke afal osteko zirikadak sekulakoak izango zirela. Kontuan hartu, garai haietan, Frantzian ezkerreko mugimenduak puri-purian zeudela. Felixek gertakari politikoak interes handiz jarraitzen zituen: Pragako udaberria, Vietnameko protestak, Pariseko maiatza eta Mexicoko sarraskiak 1968 urtean, Burgosko prozesua eta Beihl konsul alemaniarraren bahiketa 1970ean… Euskal gatazka ere interesatzen zitzaion, baina familiak kontatzen duenez, ez zen abertzalea eta hemengo gorabeherak kanpotik bizitzen zituen, ikusle bezala.
Garaiko intelektual askok bezala, Arkautek gizateria aro aldaketa batean murgildua zegoela sinesten zuen: Piszisen arotik Akuarioren arorako trantsizioan, hain zuzen ere. Bere kasuan, ideia hau Jungen irakurketetatik atera zuen, eta lagun frantsesekin trukatutako gutunetan orrialde asko irakur daitezke gai honi buruz. Teoria honen arabera erlijio berri bat agertzear zegoen, bere mesias berriarekin. 1969 inguruan, kezka hauei liburu forma eman zien: “Le Livre du Berger”, XXII mendeko Espainian girotutako eleberria. Bertan Arkautek bere pentsamenduen sintesi xelebre bat aurkezten du, Bibliaren nolabaiteko parodia eginez: fariseo katolikoak, Pontzio Pilato iparramerikarra, guardia zibilak Getsemaniko baratze/parkean… Bistan denez, garai horretan ezinezkoa zen horrelako testu bat Espainian argitaratzea; horregatik Larrako lagunei pasatu zien, Frantzian publikatzeko “Pierre Saint Martin” ezizenarekin; baina Felixen heriotza zela eta, asmo hau bete gabe gelditu zen.

Heriotza

Felix Ruiz de Arkaute
Felixen azken argazkia. Egilea: Ruben Gomez

Basabürüko leizearen aurkikuntzak San Marti Harriko Sistemaren esplorazioak azkartu zituen. Gainera, Arretan eginiko prospekzioetan hainbat haitzulo berri aurkitu ziren. Horietako batean, hain zuzen ere, Larrako bigarren lurpeko sistema handirako sarrera aurkitu zen: leizeari Lonné-Peyret izena eman zitzaion (Eretako alkatearen omenez) eta mundu osoko espeleologoen arreta erakarri zuen.
Arkautek familiari agindua zion 1971 izango zela bere azken urtea Larran. Izan ere, ordurako 43 urte zituen (han biltzen ziren gehienek 18-25 urte). Gazteek bere esperientzia eta jakituria miresten zuten, baina haren esanetan bere garaia pasatua zen, eta hurrengo belaunaldiaren txanda zen. Lagunek askotan gogoratzen duten beste esaldi batekin ilustratzen zuen hori: “zaharrak zaborretara; eta gainean tapa ezarrita, usainik bota ez dezaten”.
Uda horretan, Leizerola deritzon sektorean VPEkoekin aritu zen 15 eguneko kanpaina gogorrean : leize asko, eguraldi txarra, deskantsu gutxi. Ostean, hiru gazterekin (bat Aranzadikoa, bi Grenoblekoak) Lonné-Peyretera joan zen, han errekan gorako esplorazioarekin jarraitzeko hitzordua jarria baitzuten. Lagunetako batek urjauzi bat eskalatu zuen; eta hark instalatutako zurubian gora zihoala, Felixek arazoak izan zituen aseguruko sokarekin: blokeatzailea ezin askaturik, ur izoztuaren azpian gelditu zen ez aurrera eta ez atzera. Askatzeko borroka 20 minutuz luzatu zen, eta laguntza saiakerak alferrikoak izan ziren. Horrela hil zen Felix Ruiz de Arkaute, berak gehien maite zuen lekuan.
Arkauteren heriotzaren astindua Europan, berak utzitako arrastoa bezain sakona izan zen. Gainera, horren ondorioz lurpeko erreskatearen antolakuntzari bultzakada handia eman zitzaion, Frantziako espeleologia taldeak aintzindari zirela.

Gaur egunean, Arkautek San Marti Harriko esplorazioetan idatzitako esaldi bat (“Kate maila ez da deus: kate osoa da beharrezkoa”) mundu osoko espeleologoen artean erabiltzen da, lurpean ezinbestekoa den talde-lana azpimarratzeko.

Felix Ruiz De Arkaute

Iñaki Alonso

Iñaki Alonso Administrador / Espeleologia

También te podría gustar...

1 respuesta

  1. julio 24, 2021

    […] Felix Ruiz de Arkaute, kate egilea […]

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *